Zer jakin behar duzu?
Ezagutu kautela-neurri baten indarraldia eta ondorioak
Kautelazko neurrien erabakia interesdunari jakinaraziko zaio, eta bertan zehaztuko dira dauden zorrak eta kautelazko neurriarekin kobratu nahi den zenbatekoa, bai eta neurri horiek gauzatzeko egintzak ere: ondasunak eta eskubideak prebentzioz enbargatzea (hala nola banku-kontuetako saldoak, bezeroen aurkako kredituak, ondasun higiezinak...), itzulketen ordainketa atxikitzea, erabiltzeko debekuak, etab.
Prebentziozko enbargoen emaitzak interesdunari jakinaraziko zaizkio, eta enbargatutako diru-kopuruaren berri emango zaio. Enbargatutako ondasunen zenbateko edo balio horrek kautelazko neurriaren bidez kobratu nahi den zenbatekoa gainditzen badu, ofizioz kenduko da soberakinari dagokion enbargoa, interesdunak eska dezakeenari kalterik egin gabe. Nolanahi ere, kautela-neurriak kendu egin beharko dira zergapekoak kreditu-erakunde edo elkarren bermerako sozietate baten abal solidarioa edo kautela-neurriaren zenbatekoa kobratzea bermatzen duen kauzio-aseguruaren ziurtagiria aurkezten badu.
Prebentzioz enbargatutako zenbatekoak ez zaizkio Ogasun Publikoari emango enbargoa, hala dagokionean, behin betiko bihurtzen den arte. Behin betikoa bihurtzeko, premiamendu-prozedura bat hasiko da dagokion probidentzia jakinarazita -zorra ordaintzea eta dagokion premiamendu-errekargua erreklamatuko dira probidentzia horretan-. Horrez gain, Ogasun Publikoari ezingo zaizkio zenbateko horiek eman probidentzia horren jakinarazpenarekin irekitako epea amaitu arte, betiere erreklamatutako zenbatekoak ordaindu gabe jarraitzen badute. Prebentziozko enbargoa higiezinen, ibilgailuen edo berehala eskudirutan egin ezin den beste edozein ondasunen gainean egin bada, premiamendu-prozedura ondasun horiek araudian aurreikusitako prozeduren bidez besterentzearekin amaitu ahal izango da.