Berrikusteko prozedura bereziak
Prozedura ez-arruntak.
Diru-bilketa egintzetako akatsen zuzenketa: Edozein unetan, ofizioz edo interesdunak eskatuta, egintza eman duen organoak bertan atzemandako errakuntza materialak, egitezkoak edo aritmetikoak zuzentzeko prozedura da, betiere preskripzio-epea igaro ez bada.
Ezeztatzea: Berrikuspen-prozedura berezia, zeinaren bidez zerga-administrazioak bere egintzak ezezta baititzake interesdunen mesedetan, honako hiru kasu hauetan:
- Legea nabarmen hausten dutela uste denean.
- Egoera juridiko jakin bati eragiten dioten gerora sortutako zirkunstantziek agerian uzten dutenean emandako egintza bidegabea dela.
- Prozedura izapidetzean interesdunen defentsa-gabezia gertatu denean.
Zerga-bilketako zuzenbideko erabat deusezak diren egintzak berrikustea: Administrazio-bidea amaitzen duten edo epearen barruan errekurritzen ez diren zerga-arloko egintzen deuseztasuna deklaratzeko prozedura, honako kasu hauetan:
- Konstituzioak babesten dituen eskubide eta askatasunei erasaten dietenean.
- Gaia edo lurraldea dela-eta argi eta garbi eskumenik ez duten organoek eman badituzte.
- Ezinezko edukia badute.
- Arau-hauste penalak badira edo horren ondorioz emandakoak badira.
- Legez ezarritako prozedura edo kide anitzeko organoetan borondatea eratzeko funtsezko arauak erabat alde batera utzita ematen badira.
- Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza adieraziak edo presuntziozkoak direnean, horien bidez ahalmen edo eskubideak eskuratzen direnean, horiek eskuratzeko funtsezko betekizunak bete gabe.
- Lege-mailako xedapen batean berariaz ezarritako beste batzuk.
Zerga-bilketako egintza deuseztagarrien kaltegarritasun-deklarazioa: Prozedura horren bidez, zerga-administrazioak interes publikorako kaltegarritzat jo ahal izango ditu ordenamendu juridikoa hausten duten interesdunen aldeko egintzak eta ebazpenak, ondoren administrazioarekiko auzien bidean aurkaratzeko.