Ekoizpen zinematografikoetan, ikus-entzunezko serieetan eta arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunetan inbertitzeagatiko kenkaria
BREXITak ekoizpen zinematografikoetan, ikus-entzunezko serieetan eta arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunetan inbertitzeagatiko kenkarian dituen ondorioen berri ematen dizugu
SZLren 36. artikuluak ekoizpen zinematografikoetan, ikus-entzunezko serieetan eta zuzeneko ikuskizunetan egindako inbertsioengatiko kenkari bat arautzen du. 1. atalean, Espainiako film luze zinematografikoen eta fikzioko, animazioko edo dokumentaleko ikus-entzunezko serieen produkzioetan egindako inbertsioengatiko kenkari-ehunekoen mugak jasotzen dira. Kenkari horren zenbatekoak, zergadunak jasotako gainerako laguntzekin batera, ezin du produkzio-kostuaren ehuneko 50 gainditu, salbuespen jakin batzuetan izan ezik. Hala ere, muga hori ehuneko 60raino igoko da Europar Batasuneko estatu kide batek baino gehiagok finantzatutako mugaz gaindiko ekoizpenen kasuan eta estatu kide bateko baino gehiagoko ekoizleek parte hartzen dutenean. Beraz, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera,soilik Britainia Handiko produkzio-etxeen esku dauden koprodukzioek ez dute gehitutako muga jasoko.
Era berean eta ildo horretan, Zinemaren abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 5. artikuluak (abenduaren 29ko EAO) ekoizpen bat espainiartzat jotzeko baldintzak jasotzen ditu. Horrek lan zinematografiko eta ikus-entzunezko lanen egile, aktore edo sormenezko langile teknikoen ehuneko 75, gutxienez, nazionalitate espainiarra edo EBko edo EEEko beste edozein estatu kidetakoa duten pertsonek osatzea eskatzen du, edo Espainian edo estatu horietako edozeinetan bizileku-txartela edo -baimena indarrean duten pertsonek.
2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, nazionalitate edo egoitza britainiarra duten egile, aktore edo sormenezko langile teknikoak ez dira kontuan hartuko ikusitako ehunekoa aplikatzeko.
SZLren 36. artikuluaren 2. atalean ezartzen denez, Espainian atzerriko ekoizpen bat gauzatzeaz arduratzen diren produkzio-etxeek eskubidea dute kenkariaren oinarriaren lehen milioiaren gaineko ehuneko 30eko kenkaria izateko, eta Espainiako lurraldean egindako gastuen zenbateko horren soberakinaren gaineko ehuneko 25ekoa izateko, muga jakin batzuekin. Gastu horiek, besteak beste, sormenenezko langileen gastuei dagozkie, betiere zerga-egoitza Espainian edo EEEko estatu kideren batean badute (mugatuta).
Horrela, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, egoitza fiskala Erresuma Batuan duten sormenezko langileek ez dute Espainiako erakunde ekoizleak horietan egindako gastuengatik aztertutako kenkarirako eskubiderik sortuko.