Gastu ez-kengarriak
Zein gastu kengarriak ez diren adierazten dizugu
-
Funts propioen ordainsari bat ordezkatzen dutenak.
-
Sozietateen gaineko Zerga kontabilizatzetik eratorritakoak. Kontabilizazio horretatik datozenak ez dira sarreratzat joko.
-
Isunak eta zehapen penal eta administratiboak, betearazpen-aldiko gainordainak eta aurretiazko errekerimendurik gabe epez kanpo deklaratzeagatiko gainordaina.
-
Jokoaren galerak.
-
Dohainak eta liberaltasunak.
-
Ordenamendu juridikoaren aurkako jarduketen gastuak.
-
Paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurraldeetan bizi diren pertsona edo entitateekin zuzenean edo zeharka egindako eragiketei dagozkien zerbitzu-gastuak, edo herrialde edo lurralde horietan bizi diren pertsona edo entitateen bitartez ordaintzen direnak, salbu eta zergadunak sortutako gastua benetan egindako eragiketa edo transakzio bati dagokiola frogatzen badu.
-
Zergaldian sortutako finantza-gastuak, Merkataritza-kodearen 42. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera taldeko entitateekiko zorretatik eratorritakoak, egoitzaren kokapena eta urteko kontu bateratuak egiteko betebeharra alde batera utzita, taldeko beste entitate batzuei edozein entitateren kapitaleko edo funts propioetako partaidetzak erosteko, edo taldeko beste entitate batzuen kapitalean edo funts propioetan ekarpenak egiteko, zergadunak eragiketa horiek egiteko baliozko arrazoi ekonomikoak daudela egiaztatzen duenean izan ezik.
-
Lan-harremana edo 35/2006 Legearen 17.2.e) artikuluan aipatutako merkataritza-harremana, arrunta edo berezia, iraungitzetik eratorritako gastuak, edo bietatik eratorritakoak, nahiz eta hainbat zergalditan ordaintzen diren, eta jasotzaile bakoitzarentzat zenbateko hauetatik handiena gainditzen dutenak:
- 1 milioi euro.
- Langileen Estatutuan, hura garatzeko araudian edo, hala badagokio, epaiak betearazteko araudian nahitaez ezarritako zenbatekoa, eta ezin izango da halakotzat hartu hitzarmen, itun edo kontratu bidez ezarritakoa. Hala ere, Langileen Estatutuaren 51. artikuluan xedatutakoaren arabera egindako kaleratze kolektiboen kasuan, edo aipatutako Estatutuaren 52. artikuluaren c) letran aurreikusitako kausengatik gertatzen diren kaleratze kolektiboen kasuan, bi kasuetan ekonomia, teknika, antolaketa, ekoizpen edo ezinbesteko kausengatik gertatu badira, aipatutako Estatutuan bidegabeko kaleratzerako nahitaez ezarritako zenbatekoa izango da.
-
(Indargabetua)
-
2017-1-1etik aurrera, entitateen funts propioetako edo kapitaleko partaidetzaren balore adierazgarrien narriaduragatiko galerak, honako egoera hauetakoren bati dagokionez:
- narriadura erregistratzen den zergaldian SZLren 21. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea, edo
- Egoitza Espainiako lurraldean ez duten entitateen kapitaleko edo funts propioetako partaidetzaren kasuan, zergaldi horretan SZLren 21. artikuluaren 1. apartatuko b) letran ezarritako betekizuna ez betetzea.
-
2017-01-1etik aurrera, aurreko letran aipatutako entitateen funts propioetako edo kapitaleko partaidetzen balio adierazgarriei dagozkien arrazoizko balioaren irizpidea aplikatzearen ondoriozko balio-gutxitzeak, galdu-irabazien kontuan egozten badira, salbu eta, aldez aurretik zenbateko bereko balio homogeneoei dagokien balio-gehikuntza bat txertatu bada zerga-oinarrian.
-
2018-11-10etik aurrera hasten diren zergaldiei eraginez, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren tributu-zorra (Egintza Juridiko Dokumentatuen modalitatea, notario-dokumentuak) ez dela gastu kengarritzat hartuko ezartzen da, baldin eta hipoteka-bermedun mailegu-eskriturak badira eta subjektu pasiboa mailegu-emailea bada.
-
SZLren 15 n) artikuluan gastu ez-kengarriaren kasu berri bat ezartzen da, eta horren arabera, ez dira kengarriak izango SZLren 38 bis artikuluan araututako kenkariaren xede diren gastuak, aipatutako kenkarirako eskubidea sortu duen inbertsioa egin duten aktiboen amortizazioari dagozkionak barne.