Gasa, petrolioa eta kondentsatuak erauztearen balioaren gaineko zerga
Ezagutu Espainiako lurraldean jabari publikoan erauzitako gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen produktuen balioa zergapetzen duen Ingurumen-zerga
Informazio orokorra
Lortu Zergaren oinarrizko elementuei buruzko informazioa
Gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen erauzketa balioaren gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, izaera errealekoa, zergaren aplikazio eremuko jabari publikoan erauzitako gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen produktuen balioa zergapetzen duena, haien gainean lehen arazketa eta bereizketa tratamendua egin ondoren.
Zerga maiatzaren 21eko 8/2015 Legean arautzen da. Lege horrek Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea aldatzen du, hidrokarburoen esplorazioari, ikerketari eta ustiapenari buruzko zenbait tributu-neurri eta tributu-neurri ez diren beste neurri batzuk arautzen dituena.
Zerga horren xede-eremua Hidrokarburoen Sektoreko urriaren 7ko 34/1998 Legean,araututako hidrokarburo likidoak eta gaseosoak dira.
Zerga Espainiako lurralde osoan aplikatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean indarrean dauden itun eta hitzarmen ekonomikoko tributu-araubideei kalterik egin gabe, hurrenez hurren, eta barne-ordenamenduan sartu diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoari kalterik egin gabe.
Ondorio horietarako, Espainiako lurraldean sartuta dagoela ulertuko da jurisdikziopeko itsasoaren, eremu ekonomiko esklusiboaren, plataforma kontinentalaren eta subiranotasun nazionalaren mendeko gainerako itsas hondoen lurrazpia.
Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen II. tituluan aipatzen diren hidrokarburo-hobiak ustiatzeko emakidetan, Espainiako lurraldean gasa, petrolioa eta kondentsatuak erauztea zergapean dago.
Zergaren zergadunak dira gasa, petrolioa eta kondentsatuak erauzteko jarduerak Espainiako lurraldean egiten dituzten pertsona juridikoak eta entitateak.
Zergaren zerga-oinarria gasa, petrolioa eta kondentsatuak erauztearen balioak osatuko du.
Erauzketaren baliotzat hartuko da zergaren eremu objektiboan sartutako produktuen balioaren batura, baldin eta lehen arazketa- eta bereizte-tratamendua egin ondoren zergaldian atera badira.
Gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen kantitatea zehazteko, hidrokarburoen erauzketa neurtzeko gailuetan neurtutako bolumena hartuko da kontuan.
Ondorio horietarako, erauzketaren balioa kalkulatzeko, Industria, Energia eta Turismoko ministroaren agindu bidez onartutako erreferentzia-prezioari erauzitako produktuaren guztizko bolumena aplikatuko zaio. Bolumen hori honela adieraziko da:
- Petrolioa eta kondentsatuak: petrolio-upeletan, horien edukiera eta neurketa-baldintzak aipatutako aginduan zehaztuko dira.
- Gas naturala: metro kubikotan, zero gradu zentigradutan neurtuta, eta bar bateko presioa.
Jarduerak egiten diren ustiapen-emakida bakoitzerako zehaztuko da zerga-oinarria.
Zergaldia urte naturalarekin bat etorriko da, ustiapen-emakidaren jarduera bertan behera uzten denean izan ezik; kasu horretan, jarduera bertan behera uzten den egunean amaituko da.
Zerga zergaldiaren azken egunean sortuko da.
Zerga kuota zerga-oinarriari Zerga arautzen duen Legearen 17. artikuluan ezarritako karga-eskala aplikatzearen emaitza da.