Nola kalkula dezaket zerga-oinarria?
Informa zaitez haren parte diren kontzeptuei buruz eta ez direnei buruz
Zerga-oinarria kontraprestazioaren zenbateko osoak osatzen du. Kontraprestaziotzat jotzen da eragiketa kargatua egiten duenaren aldeko edozein kreditu efektibo, prestazio nagusitik zein osagarrietatik eratorritakoa, jasota edo jasotzeke dagoena.
Zerga-oinarrian sartzen dira:
Komisioak, garraio-gastuak, ontziak eta bilgarriak (itzulgarriak barne), aseguruak, prestazio aurreratuengatiko primak, zorrak (eragiketaren kontraprestazio gisa hartutakoak) eta eragiketaren hartzaileari jasanarazten zaion beste edozein gastu (ordezkoak izan ezik).
Zerga-oinarrian ez dira sartzen:
-
Eragiketa egin aurretik edo aldi berean emandako deskontuak eta hobariak, baldin eta beste eragiketa batzuen ordainketa ez badira.
Deskontuak edo hobariak eragiketa egin ondoren ematen direnean, zerga-oinarria aldatu behar da. Era berean, zerga-oinarria aldatu behar da berrerabil daitezkeen ontziak edo enbalajeak itzultzen direnean.
-
Ordainketa geroratzeagatik edo berandutzeagatik merkatuan aplikatu ohi diren interesak, ondasunak entregatu edo zerbitzuak eman ondoren sortutakoak, betiere fakturan bereiz jasotzen badira. Lege edo erabaki judizial batek prezioa ordaintzeko atzerapenaren ondorioz ezarritako interesak, kalte-ordain izaera dutenak, ez dira zerga-oinarrian sartzen. Adibidea: herri Administrazioen Kontratuen Legean araututako berandutze-interesak.
-
Aurrerakinak: bezeroaren izenean eta kontura ordaindutako zenbatekoak, bezeroak berariaz aginduta. Hornitzaileak bezero horren kontura eta ez bitartekariaren kontura egindako fakturaren bidez egiaztatuko da. (Adibidez: bezeroen izenean eta kontura autoeskolek ordaintzen duten gidabaimena lortzeko tasak).
Kontraprestazioa sortzen den unean ezagutzen ez bada, behin-behinean finkatu beharko da. Jakin ondoren, behin-behineko zerga-oinarria zuzendu behar da, hala badagokio.
Eragiketa atzerri-monetan egiten bada, sortzapenaren unean indarrean dagoen kanbio-tasa saltzailea aplikatuko da, Espainiako Bankuak finkatutakoa.
Berezitasunak daude trukeen, prezio bakarreko hainbat ondasunen entregen, autokontsumoaren, alderdien arteko loturaren eta komisio-hartzailearen arteko eragiketen kasuan (ikus BEZLaren 79. artikulua)