Zer mota aplikatzen zaie etxebizitzetako obrei?
Etxebizitzetako obrei aplikatu beharreko tasei buruzko informazioa
Eraikuntza- edo birgaitze-obrak
Honako eragiketa hauei tasa murriztuko (%10) zerga aplikatzen zaie:
-
Nagusiki etxebizitzetarako diren eraikinak –lokalak, garajeak eta eranskinak barne– eraikitzeko edo birgaitzeko obrak egitea, sustatzaileak eta kontratistak zuzenean formalizatutako kontratuen ondorioz. (Azpikontratei ez zaie tasa murriztua aplikatzen). Azalera eraikiaren %50, gutxienez, erabilera horretarako erabiltzen duten eraikinak hartuko dira batez ere etxebizitzatzat.
-
Etxebizitzetarako sukaldeko eta komuneko armairuak eta armairu enpotratuak instalatzea, eraikuntzaren edo birgaitzearen sustatzailearen eta kontratistaren artean zuzenean formalizatutako kontratuen ondorioz.
-
Jabekideen erkidegoekin zuzenean formalizatutako obrak, batez ere etxebizitzetarako eraikinetan garajeak eraikitzeko, lursail komunetan egiten badira eta jabe bakoitzari esleitu beharreko plaza kopurua bi baino handiagoa ez bada, betiere.
Eraikinetan obrak egiteko ateak, leihoak, armairuak, sukaldeko altzariak eta abar instalatu gabe entregatzeak %21eko tasa orokorra izango du, ez baita obraren exekuziotzat hartzen.
Eraikuntzatzat hartzen da eta %10ko tasa aplikatzen zaio etxebizitza bat handitzeari, baldin eta azalera bizigarria handitzen bada. Etxebizitza baten barnealdea eraberritzeko obrak ez dira eraikuntzatzat hartzen.
Birgaitze-obrak
Egindako obrak birgaitzekoak diren eta %10eko tasa murriztua duten zehazteko, bi baldintza bete beharko dira:
-
Birgaitze-proiektuaren kostu osoaren %50 baino gehiago egiturazko elementuak, fatxadak edo estalkiak sendotzeko edo tratatzeko obrekin edo birgaitze-lanen antzeko edo lotutako obrekin bat etortzea.
Horretarako, beharrezkoa izango da proiektatutako obren benetako izaera egiaztatzen duten froga-elementu nahikoak izatea, hala nola, eta besteak beste, horretarako berariaz gaitutako profesionalen irizpenak edo profesionalen elkargoek proiektua ikus-onestea eta, hala badagokio, kalifikatzea.
-
Lehenengo baldintza betetzen bada, obra guztien zenbateko osoak eraikuntzaren eskuratze-prezioaren %25 gainditu behar du (birgaitzeko obrak hasi aurreko bi urteetan egin bazen), edo eraikuntzaren merkatuko balioaren %25, birgaitu aurretik; bi kasuetan, lurzoruaren balioa kenduta izango da.
Birgaitzeen antzeko lanak
-
Eraikuntzari eraikitzean segurtasuneko baldintzak ematen dizkioten egitura-egokitzapenekoak, egonkortasuna eta erresistentzia mekanikoa bermatuta gera daitezen.
-
Zimenduak indartzeko edo egokitzeko neurriak, bai eta zutabeei edo forjaketei eragiten dietenak edo horiek tratatzen dituztenak.
-
Eraikitako azalera handitzekoak, sestra gainean eta azpian.
-
Fatxadak eta barruko patioak berreraikitzearenak.
-
Elementu jasotzaileak instalatzekoak, ezinduek erabiltzeko oztopo arkitektonikoak gainditzekoak barne.
Birgaitze-lanei lotutako obrak
Birgaitze-lanei lotutako obratzat hartuko dira ondoren aipatzen direnak, baldin eta horien guztizko kostua txikiagoa bada egiturazko elementuak, fatxadak edo estalkiak finkatzeko edo tratatzeko obretatik eratorritakoa baino, eta, hala badagokio, horien antzeko obretatik eratorritakoa baino; betiere, obra horiei modu banaezinean lotuta badaude eta ez badira eraikinaren akabera edo apaindura hutsa, ezta fatxadaren mantentze edo pintura soila ere:
-
Igeltserotza, iturgintza eta arotzeriako obrak.
-
Itxiturak, instalazio elektrikoak, ura, klimatizazioa eta suteen aurkako babesa hobetzeko eta egokitzeko direnak.
-
Energia birgaitzeko obrak.
Birgaitze energetikoko obratzat hartuko dira eraikinen portaera energetikoa hobetzera bideratutakoak, energia-eskaria murriztuz, sistema eta instalazio termikoen errendimendua handituz edo energia-iturri berriztagarriak erabiltzen dituzten ekipoak gehituz.