Kreditu Ofizialeko Institutuaren abal publikoak dituzten kredituak, konkurtso aurreko eta konkurtsoko mekanismoetan
Irailaren 5eko 16/2022 Legeak, Konkurtso-legearen testu bategina erreformatzen duena, berezitasun bat zortzigarren xedapen gehigarrian ezarri du; hain zuzen ere, konkurtso- eta aurrekonkurtso-mekanismoek Kreditu Ofizialeko Institutuaren (ICO, gaztelaniazko siglei dagokienez) abalak dituzten kredituei eragiten dietena. Abal horiek honako errege lege-dekretuen arabera eman dira: martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretua ( COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presako eta ezohiko neurriena), uztailaren 3ko 25/2020 Errege Lege Dekretua (ekonomia eta enplegua suspertzeko premiazko neurriena) eta martxoaren 29ko 6/2022 Errege Dekretua (zeinaren bidez presako neurriak hartzen baitira Gerrak Ukrainian dituen ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko plan nazionalaren esparruan).
KOIk aipatutako errege lege-dekretuen babesean emandako abaldun kredituei aplikatu beharreko kobrantza-araubide berezia, oro har, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 16. artikuluan jasotzen da, eta Konkurtso Legearen testu bateginean aurreikusitako prozeduretan irailaren 5eko 16/2022 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian jasotako berezitasunak aplikatzen dira.
Kreditu horiei dagokienez, berariazko erregulazioa eta Zerga Agentziaren esku-hartzea aurreikusten dira, modu desberdinean, kreditu horiei eragiten saiatzeko erabiltzen ari den mekanismo zehatzaren arabera. Horrela, bereziki, bi sistema bereizten dira arauan.
Lehenengoan, kreditu horiek barne hartzen dituzten berregituraketa-planei (konkurtso aurreko mekanismoa) buruzko bozketa egin nahi denean, boto-eskubidea abalatutako kreditu nagusiaren titular den finantza-erakundearen eskumena da, eta abalatutako alderdiak eta KOIk abalatu gabeko alderdiak bereizita gauzatuko du.
Hala ere, KOIk abalatu duen kreditu nagusiaren zatian, finantza-erakundeak planaren aldeko botoa eman dezan, Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren Dirubilketa Saileko titularrak baimena eman behar du aldez aurretik.
Konkurtso Legearen testu bateginaren zortzigarren xedapen gehigarria abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege Dekretuaren bidez aldatu zen, argitzeko baimen hori ez zela beharrezkoa izango Ministro Kontseiluak Europako Aldi Baterako Esparruaren babesean hartutako erabakietan eta martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuaren 16.2 artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen direnean. Izan ere, artikulu horietan, finantza-erakundeei baimen orokorrak ematen zitzaizkien KOIk abalatutako kredituak itzultzeko baldintza onuragarriagoak eman zitzaten (batez ere, abalen epemuga zortzi edo hamar urtera luzatzea, kasuaren arabera), betiere betekizun jakin batzuk betetzen baziren.
Zehazki, 2022ko ekainaren 21eko Ministro Kontseiluaren Akordioak KOIri agindu zion luza zezala, I. eranskinean ezarritako baldintzak betetzen zirenean, enpresei eta autonomoei martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 29. artikuluaren eta 25/2020 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluaren arabera emandako abalen epemuga, eta ezarri zuen abalaren gehieneko epea, abalatutako eragiketa formalizatzen den egunetik aurrera, ezin izango dela hamar urtetik gorakoa izan Europako Aldi Baterako Esparruaren 3.1 apartatuko laguntza-zenbateko mugatuetarako baldintzak betetzen dituzten abalen kasuan, ez eta zortzi urtekoa ere, Europako Aldi Baterako Esparruaren 3.2 apartatuaren arabera mailegu-bermeetarako ezarritako baldintzak betetzen dituzten abalen kasuan. Beraz, inguruabar horiek gertatzen badira, finantza-erakundeek ez dute Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren Dirubilketa Saileko titularraren baimena behar berregituraketa-planen alde bozkatzeko. Baimen hori beharrezkoa izango da gainerako kasuetan, eta, hain zuzen ere, finantza-erakundeek egiaztatu beharko dute, Zerga Agentziari baimen-eskaera aurkeztean, lehen aipatutako baldintzak betetzen ez direla, eta txosten arrazoitu bat erantsi beharko dute proposamena justifikatzeko.
Bestalde, bigarren sistema aplikagarria da mikroenpresentzako edo hartzekodunen konkurtsoentzako prozedura bereziko jarraipen-planen kasuetan, non boto-eskubidea, eta hitzarmen-proposamenekiko atxikimendua edo aurkakotasuna, KOIk abalatutako kreditu nagusiaren zatian, Zerga Agentziaren eskumena den.
Kasu horietan, konkurtsoa deklaratzeko autoak eta abalatutako zordunaren mikroenpresentzako prozedura berezia irekitzeko autoak Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren subrogazioa eragiten dute abalatutako kreditu nagusiaren zatitik.
Berregituraketa-planetarako aurretiazko baimenak, jarraipen-planetarako botoak eta Zerga Agentziak egindako hitzarmen-proposamenetarako atxikipenak edo oposizioak abal publikoetatik eratorritako kredituei dagokienez soilik emango dira, eta Konkurtso Legearen testu bateginaren zortzigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako ondorio esklusiboak izango dituzte, prozedura administratibo edo judizialetatik erator daitezkeen geroko erantzukizunei kalterik egin gabe, eta ez dute eraginik izango eta ez dute lotetsiko ohiko gisa kalifikatutako gainerako kreditu publikoetatik eratorritako boto-eskubidean, baldin eta kreditu horiek kudeatzea dagokion prozeduran Zerga Agentziari badagokio.